Botón de inicio
eu | es
Logotipo OPE 2008 Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Enplegu Publikoko
Eskaintzen gaineko Informazio orokorra eta pertsonalizatua

Oinarri orokorrak

 EHAArako sarbidea  PDFtik deskargatu


Goikaldean sakatu 1082/2008 Ebazpena 2008(e)ko uriaren 4koa, Osakidetzako zuzendari nagusiarena, ikusteko. Ebazpen honen bidez onartzen dira Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko hautatze probak arautuko dituzten oinarri orokorrak.



XXXXX

OSASUN SAILA

(Euskal osasun-zerbitzua)



@@@4235/2008 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuko Zuzendari Nagusiarena. Honen bidez onartzen dira Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko hautatze-probak arautuko dituzten oinarri orokorrak.@@@

Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuaren 2008-2012 aldirako Plan Estrategikoak, erronkak eta ildo estrategikoak osatzen dituzten konpromiso publikoen artean, eta bere misioa betetzeko beharrezko baldintza gisa, enplegu publikoaren eskaintzen bidez plantilla finkatzeko konpromisoa hartzen du bere baitan.

Bestalde, Osakidetzako Mahai Sektorialaren 2008ko martxoaren 14ko Akordioak, ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren bidez onartuak, 15. eranskinean jasotzen du 2008an enplegu publikoaren eskaintza batera deituko dela eta prozesua amaitzen denerako gutxienez 2000 plaza eskainiko direla. Eskaintzako plazak aukeratzeko irizpidea Akordioaren Jarraipenerako Bitariko Batzordean adostu zen, eta Osakidetzako Administrazio Kontseiluak enplegu publikoaren eskaintza onartu zuen erabakiaren bidez berretsi zuen.

Hori dela eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legeak, ekainaren 26koak, Osasun-zerbitzuetako Pertsonal Estatutarioaren Estatutu Markoaren 55/2003 Legeak, abenduaren 16koak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatuaren 7/2007 Legeak, apirilaren 12koak, Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuko Lanpostu Funtzionalak arautzen dituen 186/2005 Dekretuak, uztailaren 19koak, eta Osakidetza Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen 255/1997 Dekretuak, azaroaren 11koak, eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenek ezarritakoarekin, eta arloko sindikatuei entzun ondoren, honako hau,

EBATZI DUT:

Lehena.- Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituen oinarri orokorrak onartzea.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala ezartzen baitute lege eta dekretu hauek: azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Erkidearen 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutakoak; ekainaren 26ko Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legeak eta azaroaren 11ko Osakidetzaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen 255/1997 Dekretuak.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko azaroaren 28an.

Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuko Zuzendari Nagusia
GLORIA QUESADA MENéNDEZ

I. ERANSKINA

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN-ZERBITZUAN LOTURA ESTATUTARIO FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI OROKORRAK.

  • 1.- HELBURUA

    • 1.1.- Oinarri hauek Osakidetzako langile estatutarioen kategorietan eskaintzen diren destinoak lehiaketa-oposizio bidez hornitzeko arau orokorrak ezartzen dituzte.

      Hautaketa-prozesu bakoitzean ondoko destinoak eskainiko dira:

      • - Esleituak izan ez diren lanpostuak, bai eta 2007, 2008 eta 2009 urteetarako lan-baldintzak arautzen dituen Akordioaren arabera deitutako bigarren lekualdatze-lehiaketa amaitzean esleipendunek hutsik uzten dituztenak ere.
      • Bitarteko langileek betetako destinoak eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen aldi baterako hirugarren xedapenean jasotako administrazio-kontratua dutenek, baldin eta oinarri hauetan jasotzen den sarbide espezifikoaren arabera finkatzekoak ez badira. Lanpostu horiek betetzen ari direnek utzi beharko dituzte, hautaketa-prozesuko edozein alditan,esleipendunak jabetzen diren unean.
      • Baja begetatiboen ondorioz hutsik geratzen diren plazak, eta atal honetako bigarren paragrafoan aurreikusitako bigarren lekualdatze-lehiaketako lanpostuaz jabetzeko epea amaitu arte, eta epe hori oraindik ez bada amaitu, 2009ko abenduaren 31 arte, edozein arrazoirengatik hutsik geratzen direnak.
      • Destino sortu berriak, atal honetako bigarren paragrafoan aurreikusitako bigarren lekualdatze-lehiaketako lanpostuaz jabetzeko epea amaitu arte edozein arrazoirengatik sortuak, eta epe hori oraindik ez bada amaitu, 2009ko abenduaren 31 arte sortuak.

      Destinoak hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratu aurretik eskainiko dira.

      Aurrekoez gain, txanda irekian parte hartzen dutenei beste hauek ere eskainiko zaizkie:

      • Lanpostuen titularrek beste kategoria batean eta, kasua bada, lanpostu funtzional batean, barne-sustapen bidez langile finko moduan destino bat lortu ondoren hutsik geratu direnak; orobat, txanda irekian lortutako destinoak, baldin eta lanpostuaz jabetu ondoren langilea lanpostu berorretan hasi ez bada eta lortutako destinoa gordetzeko eskubiderik ez badu.
      • Titularrak, enplegu publikoaren eskaintza honen barruan kategoria eta, kasua bada, lanpostu funtzional bereko destino berri bat lortuta, uko egitearen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak.
      • Txanda irekiko izangai esleipendun izanik, lanpostuaz jabetu ondoren esleitutako lanpostuan hasten ez badira, beroriei esleitutako destinoak, betiere destinoa gordetzeko eskubiderik ez badute.
      • Titularrak, enplegu publikoaren eskaintza honen barruan eta txanda irekian kategoria/lanpostu funtzional bateko destino bat lortu eta berorretan lanean hasita, hutsik geratzen diren lanpostuak.
    • 1.2.- Deialdi bakoitzean eskaintzen diren destinoen %50a barne-sustapenez betetzeko gordeko da zerbitzu-erakunde bakoitzean, zentroka aukeratzen den zerbitzu-erakundeetan izan ezik. Horietan, zentro bakoitzak eskaintzen dituen destinoei aplikatuko zaie ehuneko hori. Ehunekoa aplikatzean, zenbaki bakoitia ateratzen bada, beste destino bat gehiago emango zaio barne-sustapeneko txandari.

      Txanda horretan eskainitako destino-kopurua, guztira, ezingo da inolaz ere izan deialdi bakoitzean eskainitako destino guztien %50 baino gehiago. Hala ere, kategoria bateko destino bakarra eskaintzen den deialdietan, txanda irekian eskainiko da.

      Barne-sustapeneko txandaren bitartez betetzen ez diren destinoak txanda irekiari gehituko zaizkio.

    • 1.3.- Txanda bakoitzean (irekian eta barne-sustapenean) eskainitako destinoen %5 pertsonal ezinduak betetzeko gordeko da. Destino horien kopurua kalkulatzeko, deitutako kategoria profesional bakoitzeko eskaintzen diren destinoen guztizko kopurua hartuko da kontuan. Eskaintzen diren destinoen kopurua hogeira heltzen ez bada, gorde beharreko lanpostuen portzentajea lanbide talde bakoitzaren arabera doituko da. Langile ezinduentzat destino bakarra gordetzen bada, barne-sustapeneko txandan eskainiko da, eta hutsik geratuz gero, txanda irekian, langile ezinduentzat.

      Hautaketa-proba guztiek eduki bera izango dute izangai guztientzat. Hala ere, oinarri hauetan aurreikusitako egokitzapenak egin daitezke. Prozesua amaitzean zerrenda bakarra egingo da. Zerrenda horretan hautaketa-proba guztiak gainditu dituzten izangai guztiak sartuko dira, lortutako guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta, zein txandatan hartu duten kontuan hartu gabe.

      Beraz, bi txanda bakarrik aurreikusten dira, eta horietako bakoitzak bi modalitate ditu:

      • a) Txanda irekia.
        • - Sarbide orokorra.
        • - Langile ezinduentzako erreserba-kupoa.
      • b) Barne-sustapeneko txanda.
        • - Sarbide orokorra.
        • - Langile ezinduentzako erreserba-kupoa.
    • 1.4.- Izangaiek bi txandetako batean bakarrik parte har dezakete: irekian edo barne-sustapenean, ezinduen kupoaz baliatuta ere, horretarako ezarritako baldintzak betez gero.

      Langile ezinduentzat gordetako lanpostuak betetzen ez badira, sarbide orokorreko modalitatera pasatuko dira, dagokien txandan.

  • 2.- DESTINOEN EZAUGARRIAK.

    Oinarri espezifikoetan ezaugarri hauek zehaztuko dira: deialdian eskaintzen diren zerbitzu erakundeetako destinoak, bakoitzaren kategoria eta lanpostu funtzionala, eta kasua bada, horiek betetzeko eskatzen den titulazioa, hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun data, edukiz gero, eta gainontzeko baldintzak, Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuko lanpostu funtzionalen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I.eranskinak ezarritakoaren arabera.

  • 3.- HAUTATZEAREN ARAU OROKORRAK

    Deialdia eta oinarri hauek lotesleak dira deialdia egiten duen administrazioarentzat, lehiaketa-oposizioa epaitu behar duen epai-mahaiarentzat eta parte hartzen dutenentzat. Oinarri hauetan xedatuta ez dagoena aplika daitezkeen xedapenek arautuko dute.

  • 4.- LAN HARREMANAREN IZAERA JURIDIKOA:

    Estatutarioa izango da oposizio-lehiaketa bidez destino hutsak lortzen dituzten izangaiek Osakidetzarekin izango duten lan harremanaren izaera juridikoa, horrela bat etorriz ekainaren 26ko Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legearekin.

  • 5.- LAN BALDINTZAK:

    Ebazpen honetan ezarritako prozeduraren arabera destinoa lortzen duten langileei Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legean jasotakoa eta lege hori garatzetik sortzen diren arauak ere ezarriko zaizkie, eta orobat, indarrean dagoen Osakidetzako langileen lan baldintzak arautzen dituen Akordioa. Era berean, langileok destinoko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako lan baldintzen menpe jardungo dute, eta jasoko dituzten ordainketak destinoen araberakoak izango dira.

    Hautatze-prozesuetako kupoko eta zonako lanpostuak dagozkien atentzio espezializatuko zerbitzuetan sartuko dira, hautatze-prozesua amaitu ondoren. Destino horietaz jabetzen diren langileak estatutario finko bihurtuko dira, eta aurreko paragrafoan aipatutako araudia aplikatuko zaie.

  • 6.- IZANGAIEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK:

    • 6.1.- Hemen arautzen den deialdian parte hartzeko baldintzak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dituzte izangaiek, oinarrietan ezartzen diren salbuespenetan izan ezik. Eta destinoa lortuz gero, baldintza horiek eta oinarri orokorretan eskatutako beste betebeharrak bete beharko dituzte harik eta destinoaz jabetu arte..
    • 6.2.- Hauek dira lehiaketa-oposizio bidez deitutako destinoak bete ahal izateko baldintzak:
      • a) Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea izatea, edo Europako Batasunak egindako eta Espainiako Estatuak berretsitako Nazioarteko Itunaren arabera, langileen joan-etorri askea aplika dakiokeen Estaturen bateko nazionalitatea izatea.

        Era berean, onartuak izan daitezke aurreko paragrafoan aipatzen diren nazionalen ezkontidea, betiere zuzenbidez bananduta ez badago, eta izangaiaren eta bere ezkontidearen ondorengoak, baldin eta bi ezkontideak ez badaude zuzenbidez bananduta, ondorengoak hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, euren kargu bizi badira.

      • b) 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroko adina ez gainditzea.
      • c) Deialdian eskatzen den titulazioa izatea edo, eskabideak aurkezteko epearen barruan, dagozkion tasak ordainduta titulazio hori lortzeko moduan egotea. Salbuespenez, dagokion homologatze edo baliokidetze prozesuaren ostean lortutako titulazioak onartuko dira, betiere homologatzeko eskaera hori eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen egin bada. Egoera honetan izanda, oposizioa gainditu duten izangaiek destinoak aukeratzeko epea bukatu baino lehen aurkeztu beharko dute eskatzen den dokumentazioa.

        Atzerriko titulazioei dagokienez, dagokion homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki behar dute. Homologazio-eskabidea eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik egin behar da. Egoera horretan onartutako izangaiek destinoak aukeratzeko epea amaitu baino lehen egiaztatu beharko dute eskatutako titulazioa.

      • d) Eginkizunak betetzeko beharrezko gaitasun psiko-fisikoa izatea. Aukeraketa probak gainditu ondoren egiaztatuko da, horretarako azterketa medikoa eginez berariaz zehaztuko den zentroan. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da destinoaz jabetu ahal izateko.
      • e) Inongo osasun-zerbitzutatik edo administrazio publikotatik diziplinako espediente baten ondorioz kanporatua ez izatea. Halaber, enplegu edo kargu publikoetarako erabateko gabetzea edo gabetze berezi irmoa ez izatea.

        Halaber, a) paragrafoan aipatutako estatuetako nazionalen kasuan, gainera, gaitasungabetua edo egoera baliokide batean ez izatea, ez eta diziplina-zehapen edo zigor penal bat jasatea ere, bere Estatuan funtzio publikora sartzea eragotziko diona.

      • f) Indarreko arauen arabera, ezintasun edo bateraezintasuneko legezko egoeran ez egotea; arauek izangaiari aukeratzeko eskubidea ematen badiote, eskubide hori errespetatuko zaio.
      • g) Aukeratutako kategoriari dagozkion inskripzio eskubideak eskabideak aurkezteko epearen barruan ordainduta edukitzea.
      • h) Gaztelaniaren ahozko eta idatzizko ezagutza, oinarri hauetan aurreikusitako baldintzetan.
      • i) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste edozein baldintza betetzea.
  • 7. EZINDUAK.

    Ezinduentzat gordetako lanpostuengatik lehiatzen direnek egiaztatu beharko dute Administrazioko organo eskudunak (foru-aldundietako departamentu eskudunak, IMSERSOk edo baliokide batek) onartzen duela kasuan kasuko baliaezintasun hori. Baliaezintasuna %33koa edo hortik gorakoa izan beharko da, eta egiaztatzen duen ziurtagiriaren emate-eguna eskabideak aurkezteko epearen barruan emana.

    Baliaezintasunen bat legezko moduan aitortuta dutenak beste izangaien baldintza beretan onartuko dira hautatze-prozesuan, betiere lanpostuan aritu ahal izateko baldintzak betetzen badituzte.

    "Lanpostuan jarduteko Gaitasuna Baloratzeko Batzordeak” izangaiaren gaitasuna edo gaitasun-eza erabakiko du, dagokion lan osasuneko unitateak mediku-azterketa eginda eta lanpostuaren, urritasunaren eta elbarritasun-mailaren arabera.

    Batzordeak eska dezake izangaiak lanpostuaz jabetu aurretik probaldi bat egiteko, behin betiko erabakia eman dezan.

  • 8.- BARNE-SUSTAPENEKO TXANDA.

    Hautatze-prozesuetan barne-sustapeneko txanda mugatu bidez parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da 6.2. oinarrian jasotako baldintza orokorrak betetzeaz gain beste hauek ere betetzea:

    • a) Langile finkoa izatea eta zerbitzu aktiboan edo zerbitzu berezietan egotea eskuratu nahi duen kategoriakoa eta, hala dagokionean, lanpostu funtzionalekoa ez den beste batean. Egoera horretan mantendu behar da esleituko zaion destinoaz jabetu arte.

      Kategoria bat desberdintzat jotzeko baldintza hauek bete behar dira: titulazio akademiko edo espezialitate jakin bat ez eskatzea eta kategorian sartzeko hautatze-prozesuak desberdinak izatea, edota espezialitate berdina eskatzen bada ere, asistentzia-eremu desberdinetakoak izatea (lehen mailako atentzioa edo atentzio espezializatua).

    • b) Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuko langile finko moduan, jatorrizko kategorian eta, kasua bada, lanpostu funtzionalean, bi urtez zerbitzuak emanda egotea.

    Aurkezten diren kategoria eta lanpostu funtzional bereko langile finkoaren izaera duten izangaiek ezin izango dute txanda honetan parte hartu.

    Izangaiak eskabideak aurkezteko azken egunean ez baditu txanda honetan parte hartzeko baldintzak betetzen, bere eskaera automatikoki txanda irekira pasatuko da.

    Izangaiek txanda bakarrean har dezakete parte, barne-sustapenekoan nahiz txanda irekikoan, eta horrela adierazi behar dute eskabidean.

    Oinarri hauetan ezarritako prozeduraren edozein fasetan, barne-sustapeneko txanda irekiaren aurretik erabaki ahal izango da.

  • 9.- ESKABIDEAK:

    • 9.1.- Aurkezteko tokia eta modua. Hautatze-prozesuetan parte hartu nahi dutenek eskabidea Internet bidez egin beharko dute, Osakidetzaren web-orrian dagoen eredua betez. Hona hemen helbidea www.osakidetza.euskadi.net www.osakidetza.euskadi.net.

      Salbuespenez, ondoko tokietan eskabidea aurkezteko egokituko diren lekuetara joanda egin ahal izango da:

      • - Bilbao
      • - Donostia-San Sebastián
      • - Vitoria-Gasteiz

      Horien kokapen zehatzaren berri komunikabideetan emango da.

      Prozesuan onartua izateko beharrezkoa da eskabidea epearen barruan eta behar bezala aurkeztea, aurreikusitako bi modalitateetako edozeinetan, bai eta inskripzio eskubideak ordainduta egotea ere.

      Aurrekoa gorabehera, ordaindutako kopuruan akatsa egonez gero, izangaiak 10 egun balioduneko epea izango du zuzentzeko.

      Eskaera Internet bidez betetzeko, Eusko Jaurlaritzaren zentro publikoak diren KZguneak erabili ahal izango dira.

    • 9.2.- Inskripzio eskubideak ordaintzea.

      Deialdi honetako 6.2.g) oinarrian ezarritakoa betetzeko, eskabideak aurkezteko epearen barruan, inskripzio eskubideak ordaindu beharko dira erakunde laguntzaile hauetakoren batean: BBK Bilbao Bizkaia Kutxa, Caja Vital Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Euskadiko Kutxa, La Caixa, BBVA. Erakunde horietako sukurtsal batean ordaintzea aukeratuz gero, eskabidearen inprimakia finantza erakunde laguntzailean aurkeztu beharko da, eta sukurtsalak, dirua sartu ondoren, mekanikoki baliozkotuko du eskabidea.

      Internet bidez ordainduz gero, eskabidean bete beharko dira inskripzio eskubideen ordainketari dagozkion atalak.

      Eskabidea betetzeko, inskripzio eskubide hauek ordaindu beharko dira, eskaintzen diren destinoei dagokion titulazio taldearen arabera:

      TALDE EURO
      1. A1 taldea (antzinako A taldea) 25 euro
      2. A2 taldea (antzinako B taldea) 20 euro
      3. C taldea – C1 azpitaldea (antzinako C taldea) 15 euro
      4. C taldea – C2 azpitaldea (antzinako D taldea) 15 euro
      E taldea 10 euro

    • 9.3.- Epea.

      Izangaiek 20 egun naturaleko epea izango dute 9.1 oinarrian ezarritakoaren arabera eskaera aurkezteko eta inskripzio eskubideak ordaintzeko, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; epea azken eguneko 14:00etan amaituko da.

    • 9.4.- Egokitzapen teknikoak.

      Ezintasuna legez aitortuta dutenek eskabidean bertan adierazi beharko dituzte hautatze-probak egiteko beharko dituzten egokitzapen teknikoak. Horretarako aplikatu ahal izango dira ekainaren 9ko PRE/1822/2006 Aginduaren Eranskinak ezarritakoak, horrek ezartzen baititu enplegu publikoan sartzeko hautatze-probetan ezinduentzako denbora gehigarriak moldatzeko irizpide orokorrak.

    • 9.5.- Prozeduratik baztertzeko arrazoiak.

      Eskaera orrian edo aurkezten diren agirietan datu faltsurik emanez gero, edo oposizioaldiko edo lehiaketaldiko probak baliogabetzen duen edozein jokaera desegoki agertuz gero, izangaia zigortua izango da, kontraesaneko espedientea aurretik eginda. Horrela, deialdi honetan parte hartzeko eskatu dituen prozesu guztietatik baztertua izango da, eta parte hartu duen edozein fasetan jadanik lortuta dauzkan emaitzak baliogabetuko zaizkio; hori guztia ez da eragozpen izango dagozkion legezko neurriak hartzeko. Era berean, enplegu publikoaren eskaintza honen ondorioz egiten diren aldi baterako kontratazioko zerrendetatik ere baztertua izango da.

      Eskabideetan adierazten den helbidea izango da jakinarazpenetarako balioko duen bakarra. Izangaiak helbidea ematerakoan hutsen bat egin badu, bera izango da erantzulea; halaber, egoitza aldatzen badu, berak izango du aldaketaren berri Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuari emateko erantzukizuna.

      Helbide elektronikoa edo telefono mugikorra ematen duten parte hartzaileek helbide hori erabiltzeko baimena ematen diote Osakidetzari hautatze-prozesuan zehar egin ditzakeen jakinarazpenetarako.

    • 9.6.- Oposizioaldia egiteko erabili nahi den hizkuntza ofiziala aukeratzea.

      Izangaiek eskaera ereduan bete beharko dute oposizioaldiko probak zein hizkuntza ofizialetan egin nahi dituzten, eta aukeratutakoa loteslea izango da. Atal hori ez bada betetzen, probak gaztelaniaz egin nahi direla ulertuko da.

  • 10.- GAZTELERA AHOZ ETA IDATZIZ EZAGUTZEA.

    • Gaztelerazko ahozko eta idatzizko ezagutza modu bitan egiaztatuko da: nahiz Espainolaren Diploma (gutxienez, tarteko mailako B2 edo C1) aurkeztuz, urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuak, otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuak aldatu denak, araututakoari jarraiki, nahiz tokian tokiko autonomia erkidegoko organo eskudunek espainola atzerriko hizkuntza moduan egiaztatzeko ematen duten B2 maila aurreratuaren edo tarteko mailako B1 egiaztagiriaren agiriak aurkeztuz, abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat.

      Ez dute dagokion egiaztagiririk aurkeztu behar espainola edo gaztelera hizkuntza ofizialtzat duten herrialdeetako nazionalitatea dutenek.

      Era berean, hauek ere ez dute baldintza hori egiaztatu beharko:

      • a) Kategorian aurkezteko eskatzen den titulu akademikoa Estatu espainolaren hezkuntzako organo eskudunek emanda duten izangaiek, edo hizkuntza espainola ofizial duten estatuen hezkuntzako organo eskudunek emanda dutenek.
      • b) Estatu espainoleko edo espainola hizkuntza ofizial duten estatuetako unibertsitate batek emanda, ikasketa aurreratuen diploma, ikertzeko nahikotasuna edo doktorearen titulua lortu dutela egiaztatzen duten dokumentuak aurkezten dituztenek.
  • 11.- LEHIAKETA-OPOSIZIOAN ONARTUTAKO ETA BAZTERTUTAKO IZANGAIEN ZERRENDA.

    • 11.1.- Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda

      Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartuko du ebazpen baten bidez, eta inor baztertuz gero, arrazoiak emango ditu. Horretarako, hamar egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko. Ebazpena Osakidetzaren web-orrian argitaratuko da.

    • 11.2.- Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.

      Erreklamazio-epea amaitutakoan, Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartuko du ebazpen baten bidez, eta inor baztertuz gero, arrazoiak emango ditu. Ebazpena Osakidetzaren web-orrian argitaratuko da.

  • 12.- OPOSIZIOALDIA

    • 12.1.- Hautaketa-probak egitea.

      Hautaketa-probak egiteko deialdia Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko web-orrian eta hedapen handiena duten komunikabideetan argitaratuko da, eguna, ordua eta tokia adierazita.

      Azterketan parte har dezakete onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean onartuta agertu direnek. Era berean, baztertuta egon arren, azterketan parte har dezakete gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela azterketan bertan frogatzen dutenek ere. Nolanahi ere, errekurtsoaren gainean hartzen den ebazpen irmoaren mende geldituko dira.

      Gora jotzeko errekurtsoarekin batera, eskabidearen ale bikoiztuaren kopia eta inskripzio eskubideengatik egindako diru sarreraren ziurtagiriaren kopia ere aurkeztu beharko dituzte.

      Izangairen bat onartuen eta baztertuen zerrendan azaltzen ez bada, eskabidearen ale bikoiztuaren kopia eta inskripzio eskubideengatik egindako diru sarreraren ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko ditu errekurtsoarekin batera.

    • 12.2.- Oposizioaldiaren edukia

      Oposizioaldian, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan adierazten diren ariketak egingo dira.

      Barne-sustapeneko sistemaren bidezko oposizioaldiak eta txanda irekiko sistema orokorreko hautatze-proben oposizioaldiak eduki bera izango dute.

    • 12.3.- Oposizioaldia baloratzea

      Proba bakoitza baztertzailea izango da, eta 0 eta 100 puntu bitarteko balioa izango du. Horietako bakoitzean gutxienez 50 puntu lortu beharko dira gainditzeko. Puntuazio hori ariketa bakoitzaren %50 izango da.

      Oposizioaldiko azken puntuazioa zenbatzeko batez besteko aritmetikoa egingo da. Horretarako, zatiketa egingo da izangaiek lortutako puntu guztien eta proba guztien kopuruaren artean. Oposizioaldia gainditutzat emateko, izangaiek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte, alegia, oposizioaldiaren %50.

      Ariketek ez dute zigorrik izango erantzun okerrengatik.

      Lehiaketaldian lortutako puntuazioa inolaz ere ezin izango da erabili oposizioaldia gainditzeko.

    • 12.4.- Hautaketa-proben emaitzak argitaratzea

      Ariketa bakoitza egin eta epaimahai kalifikatzaileak zuzendutakoan, izangaiek lortutako emaitzak Giza Baliabideetako Zuzendaritzak Osakidetzaren web-orrian argitaratuko ditu. Argitalpen horretan 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko.

      Erreklamazioak Osakidetzaren web-orrian gaindituen zerrenda argitaratuz ebatziko dira.

      Aurrekoa gorabehera, oposizioaldian ariketa bat baino gehiago badira, aukera bi egon daitezke, edo lehen ariketara aurkeztutako izangai guztiak hurrengoetara ere onartzea, edo oposizioaldiko hurrengo faseetako ariketak egin ditzaketen izangaien zerrenda argitaratzea, lehen ariketaren emaitzen aurkako erreklamazio-epea amaitu eta aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan. Zerrenda hori Osakidetzako web-orrian argitaratuko da.

    • 12.5.- Oposizioaldia gainditu dutenen zerrenda
      • 12.5.1.- Argitaratzea.

        Oposizioaldia egin ondoren, epaimahaiak fase hau gainditu dutenen zerrenda egin eta onartuko du, eta puntuazioaren araberako hurrenkeraz antolatuko. Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzak ebazpen baten bidez Osakidetzako web-orrialdean argitaratzeko aginduko du.

        Izangai interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute, gainditu dutenen zerrenda argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko. Erreklamazioak idatziz bidali beharko dizkiote Giza Baliabideetako Zuzendariari. Epaimahai kalifikatzaileak aginduzko txostena egin ostean, Giza Baliabideetako Zuzendariak erabakiko ditu.

      • 12.5.2.- Dokumentuak aurkeztea.

        Oposizioaldia gainditu duten izangaiek aurreko paragrafoan aurreikusitako 10 egun balioduneko epea izango dute deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten dokumentuak eta balora daitezkeen merituak aurkezteko.

        Gaindituen zerrendarekin batera hauek ere jarriko dira jende aurrean: gaindituen zerrendako izangaiek Osakidetzan, beste administrazioetan (Osakidetzan erregistratutakoak) egindako zerbitzu-aldiak, Osakidetzaren esku dauden hizkuntza-eskakizunen datuak, IT Txartela bidez egiazta daitezkeen informatika-ezagutzen datuak. Horien gaineko erreklamazioak 10 egun balioduneko epean aurkeztu ahal izango dira, dokumentuak aurkezteko oinarri honetan ezarritako epean hain zuzen.

        Hauek dira aurkeztu beharreko dokumentuak:

        • a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren kopia arrunta edo, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea izanik, dokumentu baliokide batena, eta dokumentu mota bera langileak estatu batetik beste batera libre ibiltzeko aukera aplikatzen zaien estatuetako nazionalitatea dutenen kasuan, betiere eskubide hori Europar Batasuneko Itunaren arabera nahiz Espainiak berretsitako beste hitzarmen batzuen babesean nahiz lege arau baten bidez aitortuta badago.

          Parte hartzeko eskubidea izanik, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek nazionalitatea egiaztatzen dien dokumentuaren fotokopia konpultsatua aurkeztu behar dute eta, beste Estatu bateko nazionalitatea duen batekiko ahaidetasun-lotura edo haren kontura biziz gero, lotura hori dutela egiaztatzen duten dokumentuak ere bai. Era berean, ezkontidearen zinpeko aitorpen bat edo hitzemate bat aurkeztu behar dute beste ezkontideagandik eskubidez bananduta ez dagoela adierazteko eta, hala badagokio, izangaia haren kontura edo kargura dagoela adierazteko.

        • b) Kategoria/lanpostu funtzional bakoitzera sartzeko eskatzen diren tituluen fotokopia, oinarri espezifikoetan eskatzen denaren arabera. Titulazioa homologatu eta baliokidetzeko prozesuan dagoenak baliokidetza-eskabidearen fotokopia arrunta aurkeztu behar du. Baliokidetza-eskabide horrek eskabideen epea amaitu aurretik aurkeztua izan behar du.
        • c) Ezintasun bat legez aitortuta dutenek ezintasuna aitortzen duen ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.
        • d) Hizkuntza-Eskakizuna, nahiz eta, betekizuna den kasuetan, prozesuaren beste aldi batean aurkezteko aukera ere egon.
        • e) Oinarrietan edo indarrean dagoen araudian kategoria edo lanpostu funtzionala betetzeko eskatzen den beste edozein betekizun betetzen dela egiaztatzen duen fotokopia arrunta.
        • f) Esperientzia profesionalaren jatorrizko egiaztagiria edo notarioak emandako jatorrizko kopia. Egiaztagiriak zehaztapen hauek jaso beharko ditu: kategoria, lotura juridikoa, taldea, lan egindako aldien hasiera (eguna, hila, urtea) eta amaiera (eguna, hila, urtea). Egiaztagiriak kasuan kasuko zerbitzu sanitarioetako erakundeak edo administrazio publikoko organo eskudunek emandakoa beharko du izan, ebazpen honen II. eranskineko ereduari jarraituz edo agiria eman duen organoaren ereduaren arabera, baina betiere lan egindako aldien hasiera-amaierak arestian adierazi den bezala xehaturik.
        • g) Esperientzia profesionalaren lotura-eskabidea eta, kasua bada, lanbide-garapenaren maila baloratzeko aukera, oinarrietan horrela aurreikusita daukaten kategorientzat.
        • h) Baloratzeko moduko gainerako merezimenduen kopia arrunta, oinarri espezifikoetan jasotako baremoen arabera.
      • 12.5.3.- Dokumentazioa aurkezteko betebeharretik salbuestea.

        Oro har, horrela zehaztuta daukaten kategorietan, oposizioaldia gainditu duten izangaiek ez dute lehendik Osakidetzaren esku dauden baldintzarik eta meriturik egiaztatu beharrik izango, baldin eta 12.5.2. oinarriaren arabera gaindituen eskura jarritako informazioan jasota badaude.

        Era berean, kasu hauetan salbuetsita egongo dira egiaztatzeko betebeharretik:

        • 1.- Egindako zerbitzuak:

          Gainditu dutenek ez dute zertan aurkeztu behar Osakidetzan edo beste administrazio publikotan egindako zerbitzu-aldiak, aldez aurretik 12.5.2. oinarriaren arabera izangai gaindituen eskura jarritako informazioan jasota badaude.

        • 2.- Euskararen ezagutza:
          • a) Osakidetzak egiaztatu eta baliokidetutako hizkuntza-eskakizunak bere kabuz konputatuko ditu. Beraz, ez dira eskabidean adierazi ez egiaztatu behar.
          • b) Era berean, euskara-ezagutza egiaztatzetik salbuetsita egongo dira titulazioa HABEren bidez lortu dutenak edo hizkuntza-eskakizun ofizialen probak edo EGA titulua gainditu dituztenak, nahiz eta baldintzatzat edo meritutzat hartzeko hautatze-prozesu honetan alegatu egin behar diren, parte hartzeko eskabidean horren berri emanez. Era berean, adierazi beharko dute Osakidetzari baimena ematen diotela dagozkien erregistroetara heltzeko, alegazioaren zehaztasuna egiaztatzearren.

          Aurreko paragrafoan aipatutako baimena hautatze-prozesuan parte hartzeko eskabidean espresuki ematen ez bada, izangaiak alegatutako titulua edo egiaztagiria daukala egiaztatu beharko du, dagokion hizkuntza-eskakizuneko proba egin aurretik.

          Izangaiak Osakidetzari euskara-ezagutza egiaztatzen duen titulua hautatze-prozesu honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epean baliokidetzeko eskatu badio eta, oinarri honetan aipatutako epean ez badu baliokidetza-ebazpena eskuratu, euskara-ezagutza hori egiaztatzen duen titulazioaren fotokopia arrunta aurkeztu beharko du.

        • 3.- Informatika-ezagutzak:

          Halaber, informatika-ezagutzei buruzko dokumentuak aurkeztetik salbuetsita daude ezagutzok egiaztatzen dituzten ziurtagiriak Euskadi Informazio Gizartean Planak aurreikusten dituen edozein KZgunetan atera dituztenak.

        • 4.- Gainerako merituak:

          Zehaztuko diren deialdietan, dokumentuak aurkezteko epearen amaiera arte curriculum vitae aplikazioan sartutako meritu guztiak. Meritu horiek destino-eskubidea duten izangaien zerrendan daudenek bakarrik baliozkotuko dituzte.

        • 5.- Barne-sustapeneko txanda:

          Txanda honetan parte hartzen dutenak salbuetsita daude 8. oinarrian eskatzen diren baldintzei buruzko dokumentazioa aurkeztetik. Hala ere, hautatze-prozesuan onartua izateko eskabidean zein txanda aukeratu duten adierazi behar dute.

        • 6.- Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen Aldi Baterako Hirugarren Xedapena:

          Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeak Aldi Baterako Hirugarren Xedapenean aurreikusitako modalitatean parte hartzen dutenek, parte hartzeko modalitatea bakarrik adierazi behar dute hautatze-prozesuan onartua izateko eskabidean.

        • 7.- 1984 baino lehenagotik goi-mailako teknikariaren eginkizunetan diharduten erizaintzako laguntzaileak:

          Modalitate horretan parte hartzen dutenek zein modalitate aukeratu duten besterik ez dute adierazi behar hautatze-prozesuan onartua izateko eskabidean.

  • 13.- LEHIAKETALDIA

    • 13.1.- Lehiaketaldia baloratzea:

      Egiaztatutako merituak deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan ageri den baremoaren arabera baloratuko dira, ondoko irizpide orokorren arabera:

      • 1.- Lan-esperientzia:

        Oro har, parte hartzen duen kategoria/lanpostu funtzional berean egindako zerbitzuak baloratuko dira.

        Arau bidez aldatutako kategoria batean egindako zerbitzuen kasuan, ondorengo irizpideak aplikatuko dira:

        • a) Zerbitzuak egindako kategoria beste kategoria batean integratu bada, eta hor sartzeko titulazio bera eskatzen bada, kategoria/lanpostu funtzional berrian egindakoak balira bezala zenbatuko dira.
        • b) Izangaiak zerbitzuak egin dituen kategoria arau bidez desagertu bada edo kategoria horretan jarduteko titulazio jakin bat gerora betekizun bihurtu bada, eta horren ondorioz, kategoria hori aukeratzeko modurik ez badu, beste kategoria/lanpostu funtzional jakin baten aldeko aukera egin beharko du, espresuki eta lotesle gisa, bertan egindako zerbitzuak baloratzearren, betiere baldin eta aukeratutako kategoria lanbide talde berekoa edo beheragoko hurrenekoa bada, eta sartzeko behar den titulazioa badu. Kasu horretan, laneko esperientziaren %75 zenbatuko zaio.
        • c) Izangaiak zerbitzuak egin dituen kategoria hainbat kategoriatan zatitu bada, zerbitzuak zein kategoria/postu funtzionaletan konputatuko diren hautatuko du, betiere horretarako nahikoa titulazio badu.

        Izangaiak egindako hautua, b) eta c) ataletakoa, loteslea izango da lan eskaintza honen ondorioz etorkizunean izango diren prozesuetarako, etorkizunean egin daitezkeen aldi baterako kontratazio zerrendak barne hartuta. Lotura-aukera hori dokumentazioa aurkezteko 12.5.2. oinarrian ezarritako 10 egun balioduneko epean egin beharko da.

      • 2.- Prestakuntza:

        Ondokoak oinarri espezifikoetan ezarritako baldintzetan baloratuko dira:

        • a) Graduatu aurreko prestakuntza:

          Espediente akademikoa oinarri espezifikoetan adierazita daukaten deialdietan baloratuko da.

        • b) Gradu ondoko prestakuntza.

          Ondokoaren arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:

          • - Doktorea
          • - Gradu ondoko masterra
          • - Unibertsitate-aditua
          • - Ikertzeko nahikotasuna edo diploma ikasketa aurreratuetan
          • - Gradu lizentzia

          Era berean, eta oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera, epaimahaiak maila akademiko bereko beste titulazio batzuk baloratu ahal izango ditu, baldin eta lanpostuaren zeregin eta funtzioekiko lotura badute.

        • c) Prestakuntza espezializatua.
        • d) Etengabeko prestakuntza.

          Ikastaroak baloratuak izateko, erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta hala badagokio elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandakoak izan behar dute. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere baloratuko dira, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa plan baten barrukoak ez badira.

        • e) Irakaskuntza-jarduera.
        • f) Jarduera zientifikoa eta ezagutza hedatzea.
        • g) Lanbide garapena.

          Fakultatibo mediko eta teknikoen talde profesionaleko deialdietan parte hartzen duten izangaiek aukera bi dituzte, batetik, oinarri espezifikoen arabera aitortutako lanbide garapenaren mailari dagokion puntuazioa hauta dezakete, edo bestetik, d) (etengabeko prestakuntza), e) (irakaskuntzako jarduera) eta f) (jarduera zientifikoa eta ezagutza hedatzea) atalen arabera egokituko litzaiekeen puntuazioa. Aukera hori merituak aurkezteko unean gauzatuko da.

        • h) Hizkuntzak: Oinarri espezifikoetan aurreikusita daukaten deialditan baloratuko dira. Gehienez, 3 puntu lor daitezke hizkuntza bakoitzeko, eta guztien artean gehienez 5 puntu.

          Meritu hori hizkuntza-eskola ofizialaren ziurtagiria edo baliokidea aurkeztuz egiaztatuko da.

          • I.- Ondoko tituluak hizkuntza-eskolen goi-zikloko gaitasun-ziurtagiriaren baliokidetzat jo eta 3 puntuz baloratuko dira:
            • - Ingelesa:
              • 1.- Certificate of Proficiency in English, Cambridgeko Unibertsitatekoa.
              • 2.- Passed Grade Twelve, Trinity Collagekoa.
              • 3.- Higher Level, Oxfordeko Unibertsitatekoa.
              • 4.- TOEFL. 600 puntutik gora ohiko azterketan, edo 250 puntu ordenadore bidezko azterketan.
            • - Frantsesa:
              • 1.- Diplôme d`Hautes Etudes Françaises, Alianza Francesakoa.
              • 2.- Diplôme Approfondi de Langue Française (DALF)
              • 3.- Diplôme Superieur Études, Alianza Francesakoa.
              • 4.- Diplôme de Langue, Alianza Francesakoa.
            • - Alemana (Goethe Institutukoa):
              • 1.- Grosses Deutsches Sprachdiplom (GDS)
              • 2.- Zentrale Oberstufenprufung (ZOP)
              • 3.- Kleines Deutsches Sprachdiplom (KDS)
              • 4.- Prüfung Wirtschaftsdeutsch.
          • II.- Ondoko tituluak hizkuntza-eskolen 4.mailakoaren baliokidetzat jo eta bi puntuz baloratuko dira:
            • - Ingelesa:
              • 1.- Certificate in Advanced English, Cambridgeko Unibertsitateakoa.
              • 2.- Grade 11, Trinity Collagekoa.
            • - Frantsesa:
              • 1.- DipDiplôme d`Études en Langue Française (DELF 2. gradua)
              • 2.- DL- Diplôme de Langue-Alliance Francaise (B2)
            • - Alemana (Goethe Institutukoa):
              • 1.- Zentrale Mittelstufenprüfung (ZMP) Instituto Goethe.
          • III.- Ondoko tituluak hizkuntza-eskolen 3.mailakoaren baliokidetzat jo eta puntu batez baloratuko dira:
            • - Ingelesa:
              • 1.- First Certificate of English, Cambridgeko Unibertsitatea.
              • 2.- Grade 9, Trinity Collagekoa .
              • 3.- TOEFL. 310 puntutik gora ohiko azterketan.
            • - Frantsesa:
              • 1.- Diplôme d`Études en Langue Française (DELF 1. gradua)
              • 2.- Certificat d`Études de Français pratique 2, Alianza Francesakoa (B1).
            • - Alemana (Goethe Institutukoa):
              • 1.- Zertifikat Deutsch für den Beruf, Goethe Institutukoa.
              • 2.- ZAP-Zertifikat Deutsch als Fremdsprache, Goethe Institutukoa.
          • IV.- Ingeles, frantses eta alemaniar filologiako lizentziaturak gehieneko puntuazioaz baloratuko dira.

            Lehen ezarritakoaren arabera hizkuntza-eskolen goi-zikloko gaitasun-agiria edo baliokidea duten izangaiei gehieneko puntuazioa emango zaie dagokien hizkuntzan. Lehen aipatutako bi hizkuntza edo gehiagotan hizkuntza eskola ofizialen gaitasun-maila dutenei atal honi dagozkion 5 puntuak emango zaizkie.

        • i) Informatika-ezagutzak.

          Kategoria batzuetan oinarri espezifikoetan ezartzen denaren arabera oposizioaldiko ariketa izan arren, informatika maila jakin bat egiaztatuz gero, meritu gisa baloratuko da. Horretarako, Euskadi Informazio Gizartean Planak Kzgune deritzen zentro publikoetan eskura jartzen dituen ondorengo moduluak lortu beharko dira:

          • Microsoft Word 2000 0,50 puntu
          • Microsoft Word Oinarrizko 97/XP/2003 0,25 puntu
          • Microsoft Word 97/XP/2003 Aurreratua 0,50 puntu
          • Microsoft Power Point 2000 0,50 puntu
          • Microsoft Power Point 97/XP/2003 0,50 puntu
          • Microsoft Excel 2000 0,50 puntu
          • Microsoft Excel 97/XP/2003 Oinarrizkoa 0,25 puntu
          • Microsoft Excel 97/XP/2003 Aurreratua 0,50 puntu
          • Microsoft Access 2000 0,50 puntu
          • Microsoft Access 97/XP/2003 Oinarrizkoa 0,25 puntu
          • Microsoft Access 97/XP/2003 Aurreratua 0,50 puntu
          • Microsoft Outlook XP 0,50 puntu
          • Internet Oinarrizkoa 0,25 puntu
          • Internet Aurreratua 0,50 puntu

          Izangaiek modulu hauek gaindituta dauzkatela IT Txartela egiaztatze sistemaren bidez egiaztatuko da. Modulu beraren oinarrizko bertsioa eta aurreratua ziurtatuz gero, azken hori soilik balioztatuko da. Geroko bertsio baten aplikazioko ziurtagiriek aurreko bertsio guztiak baliogabetuko dituzte.

          Halaber, eta derrigorrezko betekizuna den kategorietan izan ezik, erakunde ofizialek eta ikastetxe publikoek aplikazio berorien gainean emandako egiaztagiriek ere meritu hau egiaztatzeko balioko dute, ondoko baremoaren arabera:

          • 20-29 orduko ikastaroak: 0,10 puntu
          • 30-49 orduko ikastaroak: 0,15 puntu
          • 50 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu

          Meritu honetaz lor daitekeen gehieneko puntuazioa 2 puntukoa da.

      • 3.- Euskara:

        Oinarri espezifikoetan ezarritako baldintzetan baloratuko da. Hizkuntza-eskakizuna aurreikusitako epearen barruan behar bezala egiaztatuz gero, edo oinarri hauetan 2009rako aurreikusten diren ohiko deialdietan lortzen bada, meritu gisa baloratuko da.

    • 13.2.- Hizkuntza-eskakizunak Osakidetzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatutako ohiko deialdietan egiaztatzea.

      Oposizioaldia gainditu duten izangaien zerrenda argitaratutakoan, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ohiko deialdira deituko zaie izangaiei. Orduan, nahi izanez gero, aukera izango dute proba horren bidez euskararen ezagutza egiaztatzeko.

      Horretarako, oposizioaldia gainditu duten izangaiek, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdian aurkezteko moduan daudelarik, deialdi horretan parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute.

      Euskararen ezagutza betekizuna ez den lanpostuetarako, deitutako lanpostuek izango dituzten hizkuntza-eskakizunak Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoak izango dira.

      Hizkuntza-eskakizunok baloratzean emango zaien puntuazioa Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 67/2003 Dekretuak, martxoaren 18koak, 24. artikuluan ezarritakoaren araberakoa izango da, prozesu osoan guztira lor daitekeen puntuazioa aintzakotzat hartuta.

      Era berean, lanbide-talde bakoitzerako ezarritako hizkuntza eskakizuna baino baxuagoak egiaztatuz gero, aurreko paragrafoaren arabera dagokien portzentajearen bidez baloratuko dira.

      Nolanahi ere, euskararen ezagutza baloratzerakoan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen 186/2005 Dekretuak, uztailaren 19koak, I. eranskinean ezarritakoaren arabera lanpostu funtzionalaren hizkuntza eskakizunari ematen zaion portzentajea muga izango da.

      Hizkuntza-eskakizunen baliokidetza-erregimena apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 41. artikuluan jasotakoa izango da, baita apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuan eta bere garapen-arauetan jasotzen dena ere.

      Izangaiek tituluaren edo egiaztagiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute, prozesuaren aldi bakoitza arautzen duten oinarrietan aurreikusten denaren arabera.

      Goian xedatutakoaren babespean, hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten izangaiei dagokien puntuazioa emango zaie.

  • 14.- PUNTUAZIO-HURRENKERAREN ARABERAKO IZANGAIEN ZERRENDA.

  • 14.1.- Argitaratzea

    Epaimahaiak oposizioaldia gainditu duten izangaien zerrenda egin eta onartuko du, azken puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, eta lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuak bereizita. Barne-sustapeneko zerrenda eta txanda irekiari dagokiona bereizita egin ahal izango dira, betiere barne-sustapeneko txandakoek destinoak aukeratzeko duten lehentasuna errespetatuz.

    Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuak batuz aterako da.

    Izangaien artean berdinketa gertatzen bada, emakumeei emango zaie lehentasuna, emakume eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, 20.4 artikuluan ezarritakoaren arabera horrela izatea dagokien kategorietan eta lanpostu funtzionaletan. Berdinketak iraungo balu, oposizioaldian punturik gehien lortu duenaren alde erabakiko da. Berdin jarraituz gero, lan esperientziagatik lortutako puntuei begiratuko zaie. Berdinketak oraindik iraunez gero, oinarri espezifikoetako gainerako merituen atal bakoitzean guztizko puntuazio gehien lortu duenaren alde erabakiko da, atalok oinarri espezifikoetan agertzen diren hurrenkera berean. Irizpide horiek guztiak aplikatutakoan ez bada berdinketa desegin, deitutako kategorian eta lanpostu funtzionalean lehenago lanean hasi den izangaiaren alde erabakiko da, bere lan harremana edozein izanda ere.

    Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendariak aginduko du dagozkion ebazpenak Osakidetzako web-orrian argitaratzeko. Ebazpen bakoitzak lau eranskin izango ditu. I. eranskina destinoa aukeratzeko eskubidea duten langileen zerrenda izango da; II. eranskina hautaketa-prozesua gainditu duten gainerako izangaien zerrenda; III. eranskinak prozesutik baztertuta gelditu diren langileen zerrenda jasoko du; IV. eranskinak deialdiko helburu diren destinoen zerrenda jasoko du.

    Eskainitako destino guztiak bete ahal izateko, I. eranskinean eskainitako lanpostuak baino izangai gehiago sartu ahal dira, baina deitutako destinoak baino gehiago ezin dira inolaz ere esleitu.

    Izangai interesdunek 15 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko, behin-behineko ebazpena Osakidetzako web-orrian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Idatziz egin beharko dute eta epaimahai kalifikatzaileko buruari zuzendu. Erreklamazioak izangaien behin betiko ebazpenaren bidez baztertu edo onartuko dira.

    Epe berberean, I. eranskinean dauden izangaiek destinoak aukeratu beharko dituzte, horretarako Osakidetzako web-orrian eskura izango duten eskabide-eredua betez.

  • 14.2.- Dokumentuak aurkeztea

    Orobat, eta 15 egun balioduneko epe berean, zerrenda horretako I. eranskinean proposatuta dauden izangaiek oinarri espezifikoetan jasotzen den baremoaren araberako baldintzak eta merituak egiaztatzen dituzten ondoko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte, lehendik Osakidetzaren esku ez badaude:

    • a) Kategoria eta lanpostu funtzional bakoitzerako eskatzen diren tituluen kopia konpultsatua. Titulu horiek deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan jasotzen dira
    • b) Oinarrietan eta indarrean dagoen araudian eskatzen diren beste edozein baldintzaren fotokopia konpultsatua
    • c) Oinarri espezifikoetako baremoen arabera, gainerako meritu baloragarrien fotokopia konpultsatua, oinarri hauetan jasotzen diren salbuespenekin, curriculum vitae aplikazio informatikoan sartzen direnak izan ezik, beti ere atal honetan aurreikusitako epea amaitu baino lehen balioztatuak izan badira
    • d) Destinoa normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzen duen azterketa medikoa, Osakidetzako Prebentzio Zerbitzuak emana

    Konpultsa baliozkoa izan dadin, honako informazioa jaso behar du: Data, konpultsa egiten duen arduradunaren izen-abizenak, NAN eta irakurtzeko moduko sinadura.

    Dokumentuak informatika-programen bidez aurkezteko sistemak jarri daitezke, baldin eta egiazkotasuna bermatzen badute.

  • 14.3.- Azterketa medikoak

    I. eranskineko zerrendan ageri diren izangaiei destinoa normaltasunez betetzeko gaitasuna egiaztatuko duen azterketa medikoa egin beharko zaie. Azterketa Osakidetzako Prebentzio Zerbitzuak egingo du. Horretarako, zehaztuko den zerbitzu-erakundean hitzordua eskatu beharko dute izangaiek.

    Izangai ezinduen kasuan, azterketa medikoak egiaztatu beharko du izangaiak baduela parte hartzen duen kategoria/lanpostu funtzionalaren funtzioak betetzeko gaitasuna, eta hala badagokio, lanposturako behar diren egokitzapenen berri eman.

  • 14.4.- Ezinduen kupoko izangaiak

    Bi txandetako edozeinetan, 7. oinarrian aurreikusitako ezinduen kupo bidez parte hartzen duten izangaiek, oposizioaldian eskatutako gutxieneko puntuazioa edo gehiago lortuz gero, lehiaketaldian kalifikatu ondoren, destinoa aukeratu dezakete, euren lekuan, horretarako postua badaukate, edo postua beherago badaukate, kupoko gainerako plazak agortu aurretik, eta barne-sustapeneko txandan edo txanda irekian, dagokien bezala, harik eta langile horientzat gordetako destino-kopurua erabat bete arte.

    Ezinduentzako gordetako kupoa agortuta, kupo horretan parte hartzailerik balego, dagokien txandan puntuazioak ematen dien postua betetzera igaroko dira. Horrela, aukera izango dute sarbide orokorreko sisteman eskainitako gainerakoen artean destinoa lortzeko.

  • 15.- LANPOSTUA BETETZEKO GAITASUNA BALORATZEA.

    2008ko lehiaketa-oposizioan lanpostua eskuratzeko lehiatzen duten langileen aurretiko eta lanean hasteko osasun-azterketa, zerbitzu sanitarioetako erakundeetan orain dauden prebentzioko oinarrizko unitateek egingo dute.

    Osasun-azterketa Osakidetzaren prebentzioko kudeaketa-sistemaren protokolo espezifikoen arabera egingo da edo, horrelakorik ezean, Sanitate eta Kontsumoko Ministerioak eta autonomia erkidegoek argitaratutakoen arabera, edo onartutako irizpide zientifikoei jarraiki. Gaitasun-txostena egingo da destinoa eskuratzeko eskubide eta kategoria bakoitzerako.

    Informazioa aztertuta eta langileak osasunaren aldetik inolako eragozpenik ez badu, POUk gaitasun ziurtagiria emango dio eskainitako edozein destino aukeratu dezan eta txosten hori lanpostuaz jabetzerakoan aurkez dezan.

    Informazioaren azterketak erakusten badu langilea ondoren aipatuko diren egoeraren batean dagoela, prebentzioko oinarrizko unitateak espedientea Prebentzioko Zerbitzu Korporatibora bidaliko du, behin betiko erabakia har dezan.

    POUk Prebentzio Zerbitzu Korporatiboari jakinarazi beharreko egoerak:

    • 1. Langilea txanda irekian aurkeztu da, gutxienez %33ko ezintasuna duten pertsonentzat gordetako lanpostuetan.
    • 2. POUren ustez langileak, eskainitakoen arteko lanpostu baterako, murriztasun partzial bat, aldi baterakoa edo behin betikoa du.
    • 3. Langileak nolabaiteko egokitzapena behar du eginbeharretarako.

    Prebentzioko Zerbitzu Korporatiboak batzorde bat eratuko du aipatutako kasuak aztertzeko, langilearen gaitasuna zehaztu dezan. Batzorde horrek, aurkeztutako dokumentuak aztertu ondoren, hauek zehazteko ardura izango du:

    • 1. Izangaiek behin-behineko edo behin betiko ez-gaitasunik duten lanpostuko funtsezko eginbeharretarako
    • 2. Izangai diren kategorian, zein lanpostutan jardun dezaketen eta, hala badagokio, zein diren lanpostuan egin beharreko arrazoizko egokitzapenak

    Langileak batzordeak erabakitakoaren berri izango du, egiaztagiri mediko baten bitartez. Era berean, erabakiak 2008ko EPEko Jarraipen Batzordeari bidaliko zaizkio.

  • 16.- IZANGAIEN BEHIN BETIKO ZERRENDA ETA DESTINOAK ESLEITZEA.

    • 1.- Erreklamazioak ebatzi ondoren, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda eta betekizunak egiaztatu dituztenei esleitutako destinoak EHAAn argitaratuko dira Zuzendari Nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek hiru eranskin izango ditu. I. eranskinean esleitutako destinoen zerrenda agertuko da; II. eranskinean hautaketa-prozesua gainditu duten baina destinorik lortu ez duten izangaien zerrenda; III. eranskinean baztertutako izangaien zerrenda, baztertze-arrazoiak adierazita.
    • 2.- Destino hutsak bete beharra. Deitutako destino guztiak nahitaez beteko dira, baldin eta lortu nahi dituztenek oinarri hauetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte eta hautaketa-prozesua gainditu badute.
    • 3.- Destinoak izangaien eskaeraren eta lortutako puntuazioaren arabera esleituko zaizkie.
    • 4.- Izangaiek hautatze-probetan parte hartzeagatik lortzen dituzten eskubideak galduko dituzte baldin eta aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera destinoa behar den epean eta behar bezala eskatzen ez badute, eskatutako destinoen artean bat ere lortzen ez badute, eta oposizio lehiaketan lortutako puntuazioa kontuan hartuta eskaintzen den destinorik eskuratzea ez badagokie.
    • 5.- Hutsik geratzen diren destinoak puntuen hurrenkerari zorrotz jarraituz esleituko dira, eta 1. oinarrian eskainitako guztiak esleituko dira.
    • 6.- Barne-sustapeneko zerrenda eta txanda irekiarena bereizita argitaratu ahal izango dira, betiere barne-sustapeneko txandakoek destinoak aukeratzeko duten lehentasuna errespetatuz, txanda horretarako gordetako destino guztiak bete arte.
    • 7.- Barne-sustapeneko txandako lanpostuaz jabetzeko epea amaitutakoan, txanda horren II. eranskinean izangairik balego, ondoko destinoak eskainiko dira:
      • - Esleitu ez diren destinoak.
      • - Nahiz eta esleituak izan, destinoaz jabetzeko ezarritako epean izangaiak jabetu ez diren destinoak.
      • - Izangaiak jabetu arren, titularrak lanean hasi ez direneko destinoak, betiere lortutako destinoa gordetzeko eskubiderik ez badu.
    • 8.- Era berean, lanpostuaz jabetzeko epea amaitutakoan, txanda irekiko izangaiei, hutsik geratu diren aurreko ataleko destinoez gainera, hauek ere eskainiko zaizkie:
      • - Titularrek txanda irekian beste kategoria/lanpostu funtzional batean lortu duten destinoez jabetu eta lanean hasi direlako hutsik geratu diren destinoak.
      • - Titularrek uko egindako destinoak, kategoria/lanpostu funtzional berean destino bat lortu dutelako.

    Destinoak esleitzeko lehen aipatutako irizpideei jarraiki esleituko dira, kasuan kasuko txandaren arabera.

    Izangaiek, destinoak aukeratzeko bete beharreko baldintzak beteta ere, aukeratzeko eskubidea duten destino guztiak aukeratu ez badituzte eta, horrela, aurreko fasean destinorik lortu ez badute, atal honetan eskainitako destinorik ezin izango zaie esleitu.

  • 17.- LANPOSTUAZ JABETZEA.

    Destinoa lortu dutenek hilabeteko epea izango dute lanpostuaz jabetzeko, esleipenaren ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

    Lehiatzaileak Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian jabetuko dira destinoez, Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuko Erakunde Zentralean. Horretarako, izangaiek aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute eta ekitaldi horretan agiri hauek aurkeztu:

    • - NAN, pasaportea edo gidabaimena edo, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea izanik, dokumentu baliokidea, eta dokumentu mota bera langileak estatu batetik beste batera libre ibiltzeko aukera aplikatzen zaien estatuetako nazionalitatea dutenen kasuan, betiere eskubide hori Europar Batasuneko Itunaren arabera nahiz Espainiak berretsitako beste hitzarmen batzuen babesean nahiz lege arau baten bidez aitortuta badago.

      Parte hartzeko eskubidea izanik, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek nazionalitatea egiaztatzen dien dokumentua aurkeztu behar dute eta, beste Estatu bateko nazionalitatea duen batekiko ahaidetasun-lotura edo haren kontura biziz gero, lotura hori dutela egiaztatzen duten dokumentuak ere bai. Era berean, ezkontidearen zinpeko aitorpen bat edo hitzemate bat aurkeztu behar dute beste ezkontideagandik eskubidez bananduta ez dagoela adierazteko eta, hala badagokio, izangaia haren kontura edo kargura dagoela adierazteko.

    • - Elkargoko kide izatearen egiaztagiria, deialdiko oinarri espezifikoetan hala eskatzen denean.
    • - Zinpeko aitorpena edo agindua, izangaia administrazio publikoetako zerbitzuetatik ez dagoela kanporatuta adierazteko, ezta eginkizun publikoetarako gaitasunez gabetuta ere.

    Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, Espainiako Estatuari buruzko aitorpenaz gain, zinpeko aitorpena edo agindua aurkeztu behar dute, esanez ez daudela eginkizun publikoetarako gaitasunez gabetuta edo antzeko egoera batean, eta orobat haien Estatuan, baldintza beretan, funtzio publikora sartzea eragozteko moduko diziplina-zehapen edo baliokiderik ez dutela.

    Emandako epe horretan aipatutako agiriekin bertaratzen ez direnak edo agiri horiek aztertuta antzematen bada betebeharren bat betetzen ez dutela, ezingo dira jabetu esleitu zaien langile estatutarioaren destinoaz. Ondorioz, deuseztatuta geratuko dira jarduerak, eta hori ez da eragozpena izango hasierako eskabidean faltsukeriaren bat jartzeagatik izan dezaketen erantzukizuna eskatzeko.

    Era berean, interesdunei gogorarazten zaie epe barruan edo, hala dagokionean, epe luzatuan destinoaz jabetzen ez badira, hautatze-probetatik eratorritako eskubideak galduko dituztela.

    Lehenago ezarri bezala, destinoaz jabetzen diren izangaiak eginbide hori bete eta hurrengo egunean hasiko dira lanean, dagokien zerbitzu sanitarioetako erakundean.

  • 18.- EUSKADIKO ANTOLAMENDU SANITARIOARI BURUZKO LEGEAREN ALDI BATERAKO HIRUGARREN XEDAPENEAN ZEHAZTUTAKO BITARTEKO LANGILEAK ETA ADMINISTRAZIO KONTRATUDUNA.

    Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 8/1997 Legeak, ekainaren 26koak, aldi baterako hirugarren xedapenean ezarritakoarekin bat etorriz, bitarteko langileak eta Legeak aurreikusitako baldintzetan administrazio-kontratudunak direnak estatutarioa izatera hel daitezke, betetzen dituzten funtzioak sailkatzen diren moduaren arabera, eta Euskal Funtzio Publikoaren 6/1989 Legeak, uztailaren 6koak, aldi baterako laugarren Xedapenean ezarritako baldintza beretan.

    Modu horretan lehiatu nahi dutenek espresuki utzi behar dute jasota eskabidean.

    Osakidetzak bere kabuz datuak egiaztatzean ondorioztatzen badu izangai batek modalitate horretan parte hartzeko baldintzak ez dituela betetzen, haren eskaera automatikoki txanda irekira pasatuko du.

    Hautapen-prozesu honetan parte hartzen duten eta aipatutako xedapenek eragiten dieten langileei Ebazpen honetako xedapen guztiak aplikatuko zaizkie, lehiaketa fasea eta destinoaren esleipena izan ezik, horiek arautzeko ondoren adierazitakoari jarraituko baitzaio:

    • a).– Lehiaketaldia: Edozein administrazio publikotan lanpostu funtzional berean egindako zerbitzuak baloratuko dira, oinarri espezifikoak ezartzen duen moduan.

      Guztirako denbora zenbatzeko orduan, lan egindako egun naturalak hartuko dira kontuan, eta ez dira zenbatuko hilabetera heltzen ez diren gainerako egunak. Hilabetea osatzeko, 30 eguneko multzoa hartuko da.

      Baloratzeko modu hau enplegu publikoaren lehenengo hiru eskaintzen ondorioz egiten diren deialdietan aplikatuko da.

    • b).- Destinoa esleitzea: Atal honetan araututako pertsonala egoera estatutario finkora heltzen bada, modu honetan parte hartzeko abiaburutzat daukan destinoan finkatuko da, eta destino horri behin betiko atxikita geratuko da.
  • 19.- EPAIMAHAI KALIFIKATZAILEA.

    • 19.1.- Izendapena.

      Osakidetzako Zuzendari Nagusiak izendatuko ditu hautatze-probak kalifikatuko dituzten epaimahaiak. Hautatze-prozesu bakoitzeko epaimahai bat izendatuko da.

    • 19.2.- Epaimahaikideak.

      Epaimahai bakoitzak 10 kide izango ditu lizentziadun mailako profesional sanitarioen lanpostu funtzionalei dagozkien hautatze-prozesuen kasuan, profesional sanitarioen Ordenamendua arautzen duen 2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legeko 2. artikuluak ezartzen duenaren arabera. Gainerako kategorien hautatze-prozesuen kasuan, 7 kide izango ditu epaimahaiak. Kideen artean epaimahaiburua eta idazkaria izendatuko dira. Gainerakoak kide arruntak izango dira. Kide guztiek izango dute ordezkoa.

      Epaimahaikide guztiek izan beharko dute administrazio publikoetako edo osasun-zerbitzuetako karrerako funtzionarioak edo estatutario finkoak, edo Osasun Sistema Nazionalari lotutako zentroetako lan-kontratuko langileak, baldin eta haien lanpostuan edo kategorian jarduteko hautatze-prozesuko kategorian sartzeko eskatzen den maila akademiko bera edo goragokoa eskatzen bada, lanpostu edo kategoria batekoak badira eta, hala badagokio, Osasun Sistema Nazionaleko pertsonalarentzat, lanbide garapenaren eredua ezartzen ari badira, gutxienez lanbide garapenaren III. maila izatea.

      Epaimahaikidea izateko beharrezko baldintzak betetzen dituen plantillako langile finkorik ez badago, administrazio publikoarekin harreman juridiko finkorik ez duten pertsonak aukeratu ahal izango dira, edo bestela, entzute handiko zentro sanitario pribatuetako langileak, titulazioko baldintzak betetzen badituzte.

      Kideetako bat langileen ordezkariek proposatuta izendatuko da. Lizentziatu eta Diplomatu Sanitarioen epaimahaien kasuan, Autonomia Erkidegoko elkargo ofizialek, adostasun osoz, beste bat aukeratuko dute. Proposamenik ez bada, izendapen-ebazpena postua bete gabe egingo da. Hala ere, gero izendatu ahalko da, baina epaimahaia eratu ondoren ezingo da inolaz ere inor izendatu, abstenitzeko eta errefusatzeko arrazoiak tarteko direnean izan ezik.

      Edonola ere, izendapena nork proposatu duen kontuan hartu gabe, kide guztiak norberaren izenean dira epaimahaikide.

      Idazkaria Osakidetzako langile finkoen artean izendatuko da. Administrazio eginkizunetan dihardutenen artekoa eta goi mailako tituluduna izango da.

      Epaimahaiaren osaerak gizon eta emakumeen arteko ordezkaritza orekatua dela bermatuko du, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokiak izanik.

      Zuzendari Nagusiak ebazpen bidez jakinaraziko du epaimahaia nork osatuko duten. Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.

      Epaimahaiak, egokitzat hartuz gero, kideekin lankidetzan jardungo duten aholkulari berezien laguntza izan dezake. Aholkulari horiei ere epaimahaikideei eskatutako titulazio baldintza bera eskatuko zaie. Bakoitza bere espezialitatean arituko da, eta horretarakoxe bakarrik jardungo dute elkarlanean organo kalifikatzailearekin.

    • 19.3.- Abstenitzea eta errefusatzea.

      Epaimahaikideek abstenitu egin beharko dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak, 28. artikuluan jasotako kasuren batean badaude, eta deialdia egin duen agintaritzari horren berri eman beharko diote, bidezkoa dena ebazteko. Kasu beroriek direla kausa, interesdunek errefusatzea bultza dezakete edozein unetan, aipatu legearen 29. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

    • 19.4.- Jarduteko arauak.

      Epaimahaiak azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak, 22tik 27ra bitarteko artikuluetan zehaztutako arauei jarraituz jardungo du.

      Nolanahi ere, epaimahaiburuaren aginduz bilduko da, idazkariak deituta, eta eratu ahal izateko epaimahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta gutxienez kideen erdiak bertaratu beharko dira.

      Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Epaimahaiko kide guztiek hitza eta botoa izango dute.

    • 19.5.- Ahalmenak.

      Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduz eta horren objektibotasuna bermatzeko arduraz.

      Halaber, oinarriak ezartzerakoan agertzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, eta jaso gabeko kasuetarako irizpideak finkatuko.

    • 19.6.- Zerbitzuak eragindako kalte-ordainak.

      Epaimahaikideek kalte-ordainak jasoko dituzte egindako zerbitzuengatik, baita bertaratzeagatik dagozkienak ere, ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuak ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, epaimahaiaren aholkulariek eta laguntzaileek ere jasoko dituzte kalte-ordain horiek zaintza-lanengatik eta laguntza materiala eskaintzeagatik.

  • 20.- PUBLIZITATEA.

    Deialdia eta beraren prozedura garatzeko emandako ebazpenak EHAAn argitaratu eta zerbitzu erakundeetako iragarki oholetan jarriko dira jendaurrean, baita Osakidetza/Euskal Osasun-zerbitzuko web orrian ere.

  • 21.- EGOITZA.

    Hautaketa-prozesu honetatik ondorioztatuko diren ondorio eta jarduera guztietarako, jurisdikzio-eskumenaren eskuduntza barne, Erakunde Zentrala hartuko da Osakidetzako egoitzatzat (helbidea: Araba kalea, 45, 01006-Vitoria-Gasteiz).

  • 22.- ERREKURTSOAK.

    Ebazpen honen eta berori garatuko duten behin betikoen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epearen barruan, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hala ezartzen baitute lege eta dekretu hauek: 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Erkidearen 30/1992 Legeak, 1999ko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak, 1997ko ekainaren 26ko Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legeak eta 1997ko azaroaren 11ko Osakidetzaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen 255/1997 Dekretuak. Izan ere, arau horien arabera:

    • Giza Baliabideetako Zuzendariaren behin betiko ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuko Zuzendari Nagusiari.
    • Zuzendari Nagusiaren ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal Osasun-zerbitzuko Administrazio Kontseiluari.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko azaroaren 28an.

Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko Zuzendari Nagusia.-
GLORIA QUESADA MENÉNDEZ


EHAA-n argitaratutako aldaketak:

Informazio legala

  • © 2008. Osakidetza - EPE 2008