Botón de inicio
eu | es
Logotipo OPE 2008 Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Enplegu Publikoko
Eskaintzen gaineko Informazio orokorra eta pertsonalizatua

Sarrera

Inprimatu  EHAArako sarbidea

  • 1.- Administrazio Kontseiluaren Erabakia.

    ERABAKIA, 2008ko urriaren 22koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, erakunde publikoaren 2008ko lan-eskaintza publikoa onesten duena.


    Administrazio Kontseiluak erakunde publikoaren estatutu sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz hartu du erabaki hau eta, oro har, erakunde publikoko langileentzat ezarritako arauen arabera, hau da, ondokoak kontuan hartuta: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatutu Markoari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legea, eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 37.1 artikulua, non negoziazio kolektiboko gaien artean sartzen baitira lan-eskaintza publikoetako irizpide orokorrak.

    Osasun-sektoreko Mahaiak hartu zuen Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa abenduaren 18ko 235/2007 eta ekainaren 3ko 106/2008 dekretuen bidez onartu zen. Erabaki horren eranskinean aurreikusten da lan-eskaintza publikoko deialdi berri bat egingo dela 2008an, 2006ko uztailaren 10eko Erabakian ezarritakoaren arabera eta, zehazki esaten dena da lan-eskaintza horretan gutxienez 2.000 lanpostu eskainiko direla, prozesuaren behin betiko ebazpena emateko unean zenbatzekoak, sortutako lanpostu berriak eta prozesuan zehar hutsik gertatzen diren lanpostuak barne hartuta.

    Aurreikuspen horiek betetzeko, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioaren jarraipena egiten duen bitariko batzordeak lan-eskaintza publikoan sartuko diren lanpostuak zehazteko irizpideak erabaki dituela ikusi da.

    Adierazitakoaren arabera, zuzendari nagusiak proposatuta, eta erakunde publikoaren estatutuetako 8.5.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak hauxe erabaki du,

    ERABAKIA:

    • Lehenengoa.–

      Osakidetzako estatutupeko langile finko izateko lan-eskaintza publikorako deialdia egitea erabaki da.

      Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa sistemaren bidez egingo da. Eskainitako lanpostuak betetzeko prozedura eta betekizunak deialdi bakoitzean zehaztuko dira.

      Erabaki honek eduki beharreko ahalmen juridikoa hartu bezain laster hasiko da hautaketa-prozesuak hasteko jardueren kudeaketa.

    • Bigarrena.–

      Deialdian ondokoa sartuko da, erabakitako zehaztapenen arabera:

      • 1. Esleitzeke geratzen diren lanpostuak bai eta lan-baldintzak arautzen dituen Akordioaren arabera deitutako lehenengo bi lekualdatze-lehiaketetako esleipendunek hutsik utzitako lanpostuak. Orientazio gisa, eta betiere lehiaketa horien amaierako emaitzari lotuta, lehenengo lehiaketara deitutako lanpostuak, guztira, 1.402 izango dira.

      • 2. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioan aurreikusita baina oraindik sortzeke dauden 407 lanpostuak, Jaurlaritzaren Kontseiluak lanpostu horiek sortzea onetsi ondoren.

      • 3. Lan-baldintzak arautzen dituen Akordioan aurreikusten diren arreta bereziko unitateetako lan-erritmo eta -kargei buruzko azterlanak amaitu ondoren sortutako lanpostu berriak, betiere lan-eskaintza publiko honen prozesuko behin betiko ebazpena eman aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluak lanpostu horiek sortzea onartu badu (gutxienez erizaintzako 180 lanpostu eta erizaintzako laguntzaileen 50 lanpostu, azterlanaren lehenengo bi faseei dagozkienak).

      • 4. Erretiroko edo heriotza-bajen ondorioz sisteman hutsik gelditutako lanpostuak, baita paragrafo honetako lehen puntuaren arabera bigarren lekualdatze-lehiaketako lanpostuak hartzeko epea amaitu aurretik edozein arrazoirengatik sor daitezkeen lanpostu hutsak ere eta, lehiaketa oraindik amaitu gabe balego 2009ko abenduaren 31ra artekoak. 500 lanpostu izan daitezke gutxi gorabehera.
    • Hirugarrena.–

      Irizpide hauen arabera eta erabaki honen datan aurreikusitako lanpostuen kopurua 2.539koa da gutxi gorabehera. Eskainitako destinoen behin betiko zerrenda, lanpostu-kopurua zein lanpostuen identifikazioa, hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera, argitaratu aurretik argitaratu beharko da. Txanda irekian zein barne-promozioko txandan eta % 33 edo hori baino gehiagoko ezgaitasuna duten langileek betetzeko gordetako % 5ak osatzen dute eskainitako lanpostuen kopurua.

    • Laugarrena.–

      Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizuna izango da dagozkion hautaketa-prozesuetako deialdiaren kudeaketa. Kudeaketa-gomendio horren barruan, berariaz deialdietako oinarriak prestatu, negoziatu eta izapidetzea daude sartuta, bai eta deialdiko lanpostuak zehaztea, epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, deialdiak ebaztea eta destinoak esleitzea ere.

    • Bosgarrena.–

      Hautaketa-prozesuan onartua izateko, ondoren zehazten diren diru-kopuruak ordaindu beharko dira izena ematerakoan, betiere eskainitako destinoetarako eskatzen den titulazio-taldearen eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua onartzen duen apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 3. Xedapen Iragankorrean ezarritako sailkapenaren arabera:

      • 1. A1 taldea (lehengo A taldea) 25 euro
      • 2. A2 taldea (lehengo B taldea) 20 euro
      • 3. C taldea - C1 azpitaldea (lehengo C taldea) 15 euro
      • 4. C taldea - C2 azpitaldea (lehengo D taldea) 15 euro
      • 5. E taldea 10 euro
    • Seigarrena.–

      Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina erabaki honek.

      Bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.

    Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 22a.
    Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
    GABRIEL M.ͺ INCLÁN IRIBAR.

    ERANSKINA
    2008ko LEPean eskaini ahalko diren lanpostuen laburpena
    Lanbide-taldea Lekualdatze-lehiaketa Sortutako lanpostu berriak Lan-kargatik sortutako lanpostuak (gutxienez) GUZTIRA
    A1 Fakultatibo medikoak eta teknikoak 485 72   557
    A2 Goi-mailako teknikariak 24 20   44
    B1 Osasun diplomatuak 364 88 180 632
    B2 Erdi-mailako teknikaria 7 5   12
    C1 Teknikari espezialista sanitarioak 59 35   94
    C2 Administrazioko teknikari espezialistak 16 5   21
    C3 Teknikari espezialista profesionalak 7 5   12
    D1 Osasun teknikari laguntzaileak 208 80 50 338
    D2 Administrazioko teknikari laguntzaileak 113 67   180
    D3 Teknikari laguntzaile profesionalak 25 0   25
    E1 Operarioak 94 30   124
    GUZTIRA 1.402 407 230 2.039
    Erretiroko edo heriotza-bajen aurreikuspena       500
    OROKORREAN, GUZTIRA       2.539


  • 2.- Akordioaren jarraipenerako Bitariko Batzordearena.

    Azaroaren 21eko AKORDIOA, 2007, 2008 eta 2009 urteetarako Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioaren jarraipenerako Bitariko Batzordearena, 2008 urteko Enplegu Publikoko Eskaintzaren baitako zenbait arloren zehaztapenei buruzko akordioa ezartzen duena.


    2006 urteko Enplegu Publikoko Eskaintzaren deialdirako oinarriak onartzen zituen 2006ko uztailaren 10eko Sanitateko Mahai Sektorialeko Akordioaren bigarren atalak zehazten zuenez, eskaintza hori amaitzen zenean beste enplegu publikoko eskaintza baterako deialdia egingo litzateke 2008ko bigarren seihilekoan, une hartan adostu ziren oinarriak aintzat hartuta.

    2007., 2008., eta 2009. urteetarako Osakidetzako lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa negoziatzeko prozesuan, SATSE, SME eta CCOO sindikatuek sinatutako 2008ko martxoaren 14ko Sanitateko Mahai Sektorialaren Akordioaren bitartez amaitu zena, eta Gobernu Kontseiluak onartu zuena ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren bitartez, enplegu publikoko eskaintzaren deialdia lan-baldintzei buruzko Akordioan bertan jasotzen da. Akordioaren hamabosgarren atalak ezartzen du gutxienez 2.000 lanpostuko deialdi egingo dela, prozesua behin betiko ebazten denean zenbatuko direlarik. Bertan, lanpostu sortu berriak eta prozesuan zehar sortzen diren bakanteak jasoko dira.

    2007., 2008., eta 2009. urteetarako lan-baldintzen jarraipenerako Bitariko Batzordearen Akordioaren bitartez, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak 2008ko urriaren 22an berretsia, eskaintza horretan lanpostuak sartzeko irizpideak finkatzeko irizpide nagusiak zehaztu ziren.

    Irizpide horiek finkatuta, eta hautaketa-prozesuaren garapenean ahalik eta gardentasun handiena lortzea helburu, Bitariko Batzordea osatzen duten alderdiek uste dute beharrezkoa dela eskaintza horren helburuak lortzen lagun ditzaketen zenbait arloren zehaztapenetan areagotzea.

    Esandakoarekin bat, eta ulertuta lan-baldintzei buruzko Akordioaren Bitariko Batzorde Mistoari dagokiola bai testuaren interpretazioa, bai indarrean jartzea, 2008ko azaroaren 21ean burututako bileran Batzordeak honakoa hitzartu du:

    AKORDIOA:

    • Lehenengoa.–

      2008ko Enplegu Publikoko Eskaintza oposizio-lehiaketa sistemaren bitartez burutuko da, oposizio-faseari 100 puntu eta lehiaketa-faseari 70 puntu egokituz hurrenez hurren, oinarri orokorretan eta dagokion deialdien oinarrietan jasotakoa aintzat hartuta eta Osakidetzan euskararen erabilera arautzen duen martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak ezartzen duenari jarraiki. Dena dela, beharrezkoa izango da 50 puntu gutxienez lortzea oposizio-fasea gainditutzat emateko. Prozesu honen ondorioz egin beharreko jarduera guztiak publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun oinarriak kontuan hartuta burutuko dira, betiere ahalik eta gardentasun handiena lortzeko asmotan.

      Garapen profesionalaren ezarpena amaituta duten kategorietan, haren balorazioa kontuan hartuko da meritu moduan lehiaketa-fasean.

    • Bigarrena.–

      Osakidetzako langileen garapen profesionala ahalbideratzea helburu, barne-sustapeneko txanda bat ezartzen da langile finkoentzat, indarrean dagoen araudiari jarraiki, kategoria profesionalez aldatu ahal izateko.

      Kategoria ezberdintzat jotzen dira titulazio akademikoa edo espezialitate zehatza izatea beharrezkotzat ez duten kategoriak, eta hautaketa-prozesu bereiztuak izan dituztenak lanpostua lortzerakoan; halakotzat ere hartzen dira espezialitate bera eskatuta, esparru asistentzial ezberdinetakoak direnean (lehen mailako atentzioa edo atentzio espezializatua).

      Era berean txanda horretatik lortutako destinoen aukeraketa, aukeraketa hori zentroen arabera egiten den zerbitzu-erakundeetan, dagokion portzentajea zentro zehatz bakoitzeko eskainitako destinoen arabera ezarriko da.

    • Hirugarrena.–

      Era berean, deialdi honetako txanda irekian eskaintzen diren lanpostuen 100eko 5eko kupoa gordeko da 100eko 33ko edo maila handiagoko urritasuna duten pertsonentzat, betiere hautaketa-probak gaindituta, aipatzen duten urritasun-maila eta lanari dagozkion eginkizun eta zereginak betetzeko bateragarritasuna egiaztatzen badituzte. Adierazitako kupo hori aukeratzea, deialdian jasotako kategoria profesional bakoitzean egingo da; kategoria batean eskainitako lanpostuak hogeira helduko ez balira, gainontzeko lanbide-taldearen arabera doituko litzateke erreserbako portzentajea, eskainiko diren lanpostuen kopurua behin betikoz zehazten den unean. Atal honetan aurreikusitako destinoak esleitzeko, abenduaren 3ko 2271/2004 Errege-dekretuak ezarritakoa aplikatuko da, horrek ezartzen baitu ezinduentzat enplegu publikora jotzeko eta lanpostuen esleipenerako araudia eta baita garapen-arauak ere.

    • Laugarrena.–

      Deialdi honek Euskadiko Antolamendu Sanitarioko Legearen aldi baterako hirugarren xedapena aplikatzea aurreikusten du bitarteko langile funtzionarioak edo administrazio kontratudunak zirenentzat Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legea indarrean jarri zen egunean, Lege horretan jasotako xedapenen arabera, eta baita Auzitegi Gorenaren 2005eko apirilaren 16ko 888/2002 Epaia aplikatzekoa duten langileentzat ere; hain zuzen ere, Lege hori indarrean jarri zenean zeukaten lan-harremana edozein izanda ere, deialdi honetara arte lanpostu berean jarraian etenik gabe iraun duten langileak.

      Atal honetan jasota egonda, euren oposizio-fasea gainditu ez eta, ondorioz, EOSLren Hirugarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoari jarraiki, euren lana utzi beharrean dauden langileen lanpostuak, esleitzeko destinoen behin betiko zerrendan eskainiko dira, hautagaiek aukeratzekoak dituzten lanpostuetan metatuta, bai barne-sustapeneko txandako zerrendan, bai, hala badagokio, txanda irekikoan.

      2001eko azaroaren 12ko Sanitateko Mahai Sektorialak lortutako Akordioan jasotzen zenaren arabera, larrialdi-zerbitzuetako 1989ko deialdiak eragiten dien langileen lanpostuei, dagokien sarbide-sistema aplikatuko zaie, honako hau Akordio horretan aurreikusten zen hirugarren deialdia izanik.

    • Bosgarrena.–

      Hautaketa-prozesuak garatzeko jardueren kudeaketa, oposizio-lehiaketaren deialdi bakoitzaren oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezartzen denaren arabera burutuko da.

      Deialdi horiek Osakidetzako Zuzendari Nagusiaren Ebazpenaren bitartez egingo dira eta bertan adieraziko da, orientabidetzat hartuta, oinarri orokorretako 1.1 oinarrian ezarritakoari jarraiki lekualdatze-lehiaketan jasotzen diren kategoriako lanpostuen kopurua. Akordio honen barruan egonda, bertan jasota ez dauden lanpostuak, deialdiaren ostean argitaratuko dira; bertan sartuko dira hutsik dauden lanpostuak edo sortu-berriak, 2007-2009 urteetarako lan-baldintzei buruzko Akordioari jarraiki deitutako bigarren lekualdatze-lehiaketaren jabetze-epearen amaiera-egunera arte eta, honakoa amaituta ez balego, 2009ko abenduaren 31ra arte sortuak.

    • Seigarrena.–

      Prozesua honakoa izango da:

      • 1.- Lekualdatze-lehiaketa.
      • 2.- Behin betiko barne-mugikortasuna; bertan lekualdatze-lehiaketan esleitu gabeko lanpostuak jasoko dira eta baita adjudikaziodunek hutsik uzten dituztenak, deitu litezkeen gainontzeko lanpostuekin batera, sortu-berriak barne.
      • 3.- 2009ko lekualdatze-lehiaketa. Bertan sartuko dira deitu litezkeen lanpostu guztiak, 2. lekualdatze-lehiaketaren deialdiaren unera arte sortu-berriak barne, lekualdatze-lehiaketan parte-hartzailerik egon ez den kategorietakoak izan ezik.
      • 4.- 2008ko EPEn jaso beharreko destinoen behin betiko zerrenda.
    • Zazpigarrena.–

      Adjudikaziodunen lanpostu-jabetzea amaituta, txanda irekiko ondoriozkoak eskainiko dira, horien barruan destino hauek sartuta:

      • - Barne-sustapeneko txandaren bitartez destinoa lortu dela-eta hutsik geratu direnak, bai lanpostua jabetzan zutenek beste kategoria batean behin betiko lanpostua eta, hala dagokionean, lanpostu funtzionala lortu dutelako, bai lanpostu-jabetza eginda, lanpostuan behin betiko inkorporazio efektiborik izan ez duten destinoak, lortutako destinoaren erreserbarako eskubiderik ez dagoenean.

      • - Titularrek dagokien lanpostuari uko eginda hutsik geratzen diren lanpostuak, Enplegu Publikoko Eskaintza honen barruan kategoria berean beste destino bat eta, hala dagokionean, lanpostu funtzionala lortu dutela-eta.

      • - Txanda irekiko adjudikaziodun izangaiek lanpostua jabetzan hartu baina gerora inkorporazio efektiborik izan ez duten deialdiko destinoak, betiere lortutako destinoaren erreserbarako eskubiderik ez dagoenean.

      • - Enplegu Publikoko Eskaintza honen barruan txanda irekiaren bitartez titularrak beste kategoria/lanpostu funtzional batean lanpostua jabetzan hartu eta inkorporazio efektiboa egin duela-eta, hutsik geratu diren destinoak.
    • Zortzigarrena.–

      Hautaketa-prozesuan zehar egon daitezkeen oposizio-faseko ariketa ezberdinetan huts egindako erantzunak ez zigortzea adostu da.

    • Bederatzigarrena.–

      Kategoria hauetarako galdera-sortak osatuko dira:

      KATEGORIA GALDERA-KOPURUA
      FAK. ESP. FAMILIA-MEDIKUA - LMT 2500
      ERIZAINA 1000
      ERRADIODIAGNOSTIKOKO TEKNIKARIA 750
      LABORATEGIKO TEKNIKARIA 750
      ADMINISTRARIA 750
      ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILEA 650
      ADMINISTRARI LAGUNTZAILEA ETA ERABILTZAILEAREKIKO ARRETA 650
      ZELARIA 550
      ZERBITZUETAKO LANGILEA 550

      Osakidetzak sorta hori liburuki moduan argitaratuko du eta eskabidea bete eta izen-emateko eskubideak ordaindu duten izangaiei bidaliko die, izen-emate orrian agertzen den helbidera, Osakidetzan urtarrilaren 15ean baino arinago irteera emanda, betiere ezinbesteko kasurik ez balego. Sorta hori parte-hartze eskarian proba egiteko aukeratzen den hizkuntzan bidaliko da.

      Argitaratutako galdera-sortak ez du jasoko erantzun zuzenik, nahiz eta kategoria bakoitzeko oinarri espezifikoetan galderak osatzeko erabili den erreferentzia bibliografiko edo dokumentala jasoko den.

      Galdera-sorta ematea eta horren erabilpena jabetza intelektualaren eskubideei buruz indarrean dagoen araudiaren menpe egongo da.

    • Hamargarrena.–

      Ez dago zertan dokumentuen bitartez egiaztatu dokumentazioa aurkezteko epea amaitzen den egunera arte curriculum vitaeren aplikazioan adierazitako merituak. Meritu hauek izangaien zerrendan daudenek baino ez dituzte egiaztatu behar izango.

    • Hamaikagarrena.–

      Gaur egun indarrean dagoen araudiaren eskakizunekin bat etor dadin titulazio akademikoa egokitu eta homologatu beharra duten pertsonei parte-hartzeko aukera eskaintze aldera, eskatutako titulazioa jabetzan izatearen egiaztapena destinoa aukeratzeko unean egingo da, betiere titulazio hori lortzeko eskaria hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko dagoen epea baino lehenago egin bada.

    • Hamabigarrena.–

      Osakidetzan lotura finkorik izan barik zerbitzuak bete dituzten izangaiek, gaur egun euren lanpostua lortzerik ez dutenean araudia aldatu denez kategoria hori desagertu delako edo ez dutelako gerora eskatutako titulazioa, oraingoan ere aukera izango dute benetan betetzen egon diren lanpostuaren araberako antzinatasun-meritua balora dakien talde-profesional bereko edo baxuagorako kategoria bakarrera heltzeko prozeduran, izangaiek beren-beregi aukeratuta zein kategoria izango den, titulazio nahikoa badauka; antzinatasun hori %75eko portzentajean zenbatuko da.

      Aukera hau loteslea izango da, eta merituak aurkezteko dagoen epean egin beharko da, oposizioaldia gainditu dutenenen zerrenda argitaratu ostean, Akordio honetan jasotako dauden salbuespenak aintzat hartuta.

    • Hamahirugarrena.–

      Hamargarren atalean jasota dauden langileek, titulazio-aitorpena lortzeko asmotan dabiltzala, zerbitzu-lotura titulazio horren kategoriari egin eta titulazio hori lortzen ez badute, lotura hori deuseztatzeko eskaria egin ahal izango dute puntuazioaren araberako izangaien ebazpenaren aurretik, 10 egun baino gutxiagokoa izango ez den epearen barruan. Osakidetzako webean iragarriko da epe hori.

    • Hamalaugarrena.–

      Osakidetzan dagokien mailan lanpostua jabetzan duten Erizaintzako Laguntzaileen kidegoko langileak izanik, 1984ko ekaineko 14ko Agindua indarrean jarri zenean Osasun-arloko Teknikari Espezialisten eginkizunak betetzen zeuden langileek gaur egun duten lanpostu eta destinoan jarraitzea aukera dezakete, maila profesional berria egonkortuz, baldin eta eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako Osasun-arloko unean-uneko espezialitatean Teknikari Espezialista titulua daukatelarik, Teknikari Espezialisten kidegoko lanpostua lortuta badute barne-sustapen txandaren bitartez.

    • Hamabosgarrena.–

      Enplegu Publikoko Eskaintza honetan destinoak zehazteko dauden ezaugarriak kontuan hartuta, eta eskaintzeko moduko destinorik ez duten kategorietan deialdirik egitea saihesteko asmotan, lehenengo lekualdatze-lehiaketako deialdian destino bitik behera jasotzen diren kategorietan, hautaketa-prozesuaren deialdia ez da egingo lehiaketa hori ebatzi arte, lanpostu hutsik egonez gero; ez lirateke kategoria horiek bigarren lehiaketan sartuko.

    Vitoria-Gasteizen, 2008ko azaroaren 21ean.



Informazio legala

  • © 2008. Osakidetza - EPE 2008