Botón de inicio
eu | es
Logotipo OPE 2008 Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Enplegu Publikoko
Eskaintzen gaineko Informazio orokorra eta pertsonalizatua

Onartua izateko baldintzak

Inprimatu

  • 1º - IZANGAIEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK

    Izangaiek prozesuan parte hartzeko baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta destinoa lortuz gero, baldintza horiek bete beharko dituzte harik eta destinoaz jabetu arte.

    Honako hauek dira oposizio-lehiaketa bidez deitutako destinoak bete ahal izateko baldintzak:

    • a) Nazionalitate espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren batekoa izatea, edo langileak estatu batetik beste batera libre ibiltzeko eskubidea edukitzea Europako Batasuneko Itunaren arabera edo Espainiak berretsitako beste hitzarmen batzuen babesean edo eskubide hori lege arau baten bidez aitortuta izatea.

    • b) 16 urtetik gorakoa izatea eta nahitaez erretiroa hartzeko adina beteta ez izatea.

    • c) Deialdian eskatzen den titulazioa izatea edo dagozkion tasak ordainduta titulazio hori lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epearen barruan. Dagokion homologatze edo baliokidetze prozesuaren ostean lortutako titulazioak onartuko dira, betiere homologatzeko eskaera hori eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen egin bada. Egoera honetan egonik gainditu duten izangaiek eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute destinoak aukeratzeko epea bukatu baino lehen.

    • d) Eginkizunak betetzeko beharrezko gaitasun psikofisikoa izatea. Aukeraketa probak gainditu ondoren egiaztatuko da, horretarako azterketa medikoa eginez berariaz zehaztuko den zentroan. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da destinoaz jabetu ahal izateko.

      Atzerriko titulazioei dagokienez, dagokion homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki behar dute. Homologazio-eskabidea eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik egin behar da. Egoera horretan onartutako izangaiek destinoak aukeratzeko epea amaitu baino lehen egiaztatu beharko dute eskatutako titulazioa.

    • e) Inongo osasun zerbitzutatik edo administrazio publikotatik diziplinako espediente baten ondorioz kanporatua ez izatea, deialdiaren aurreko sei urteetan, ezta gabetze irmoa ez jasatea.

    • f) Indarreko arauen arabera, ezintasun edo bateraezintasuneko legezko egoeran ez egotea esleitutako destinoan hasterakoan; arauek izangaiari aukeratzeko eskubidea ematen badiote, eskubide hori errespetatuko zaio.

    • g) Aukeratutako kategoriari dagozkion inskripzio eskubideak eskabideak aurkezteko epearen barruan ordainduta izatea, horretarako ezarritako zenbatekoaren arabera.

    • h) Gaztelaniaren ahozko eta idatzizko ezagutza (espainola hizkuntz ofiziala ez den estatu bateko nazionalentzat bakarrik)

    • i) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste edozein baldintza betetzea.



  • 2º - EZINDUAK.

    Ezinduentzat gordetako lanpostuengatik lehiatzen direnek egiaztatu beharko dute Administrazioko organo eskudunak onartzen duela kasuan kasuko baliaezintasun hori. Baliaezintasuna %33koa edo hortik gorakoa izan beharko da, eta egiaztatzen duen ziurtagiriaren emate-eguna eskabideak aurkezteko epearen barruan emana.

    Baliaezintasunen bat legezko moduan aitortuta dutenak beste izangaien baldintza beretan onartuko dira hautatze prozesuan, betiere lanpostuan aritu ahal izateko baldintzak betetzen badituzte.

    Izangai hauek eskabidean adierazi beharko dituzte hautatze-probak egiteko beharko dituzten egokitzapen teknikoak.

    Horretarako, eskainitako lanpostuen %5 gordeko da, eta kopuru hori kalkulatzeko kategoria profesional bakoitzeko eskaintzen diren lanpostuen kopuru osoa hartuko da kontuan.


  • 3º - BARNE-SUSTAPENEKO TXANDA.

    Hautatze prozesuetan barne sustapeneko txanda mugatu bidez parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da, lehenago aipatutako baldintza orokorrak betetzeaz gain, Osakidetzako destino baten jabe izatea eta, jatorriko kategorian eta, kasua bada, lanpostu funtzionalean, lanean edo zerbitzu berezietan egotea. Hor gutxienez urte bi beteta izan beharko ditu Osakidetzako pertsonal finkoa izanik eta egoera horretan jarraitu beharko du esleitzen zaion destinoaz jabetu arte.

    Aurkezten diren kategoria eta lanpostu funtzional bereko pertsonal finkoaren izaera duten izangaiek ezin izango dute txanda honetan parte hartu.

    Halaber, izangaiek txanda batean bakarrik parte hartu ahal izango dute, barne sustapenekoan edo txanda irekian, eta egindako aukera eskabidean adieraziko dute. Txanda bietan parte hartzeko eskabidea aurkeztuz gero, eta dokumentazioa aurkezteko fasean egiaztatuko bada ere, besterik gabe, eskabidea barne sustapenekora igaroko da, betiere legezko baldintzak betetzen baditu.

    Barne sustapeneko txanda erabaki ahal izango da txanda irekiaren aurretik oinarri hauetan ezarritako prozeduraren edozein fasetan.

    Barne-sustapeneko txandak izango du txanda libreko sistema orokorrean hautatze-proben oposizioaldiak duen eduki berbera.

    Lanpostu horiek hornitzeko, zerbitzu-erakunde bakoitzean eskaintzen den lanpostu funtzional bakoitzeko destinoen %50 gordeko da.


  • 4º - ESKABIDEAK.

    Aurkezteko tokia eta modua. Hautatze-prozesuetan parte hartu nahi dutenek eskabidea Internet bidez egin beharko dute, Osakidetzaren webgunean dagoen eredua betez. Helbidea: www.osakidetza.euskadi.net.

    Salbuespenez, eskabidea egin ahal izango da horretarako egokituko ditugun ondorengo leku hauetan:

    • - Bilbao: Dr. Areilza kalea, 31 (Metro irteera alboan, Indautxuko Jesuiten Ikastetxearen aurrean)

    • - Donostia-San Sebastián: Amara Berriko lehengo osasun-zentroa (Jose Mª Salaberria kalea, 11)

    • - Vitoria-Gasteiz: Osakidetzako Erakunde Zentralaren egoitza (Araba kalea, 45)

    Ordaindutako zenbatekoa ez bada zuzena, izangaiari eskatuko zaio 10 laneguneko epean hori zuzen dezan.

    Eskabidea Internet bidez betetzeko, Eusko Jaurlaritzaren zentro publikoak diren KZguneak erabili ahal izango dira.

    Izen-ematea ordaintzea eta epea. Izena emateko eskubideak ordaindu beharko dira eskabideak aurkezteko epearen barruan erakunde laguntzaile hauetako batean:

    • BBK Bilbao Bizkaia Kutxa.

    • Caja Vital Kutxa.

    • Gipuzkoa Donostia Kutxa.

    • Euskadiko Kutxa/Caja Laboral.

    • La Caixa.

    • BBVA.

    Erakunde horietako sukurtsal batean ordainduz gero, finantza-erakunde laguntzailean eskabidearen inprimakia aurkeztu beharko da ordainketa egiteko eta sukurtsalak, dirua sartu ondoren, mekanikoki baliozkotuko du eskabidea.

    Internet bidez ordainduz gero, izena emateko eskubideak ordaintzeari dagozkion atalak bete beharko dira.

    Eskabidea betetzeko, izena emateko eskubide hauek ordaindu beharko dira, eskaintzen diren destinoei dagokien titulazio-taldearen arabera:

    GRUPOS EUROS
    A1 taldea (antzinako A taldea) 25 euro
    A2 taldea (antzinako B taldea) 20 euro
    C taldea – C1 azpitaldea (antzinako C taldea) 15 euro
    D taldea – C2 azpitaldea (antzinako D taldea) 15 euro
    E taldea 10 euro

    Izangaiek 20 egun naturaleko epea izango dute deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, epe horren azken eguneko 14:00etan amaituko dena.

    Prozeduratik baztertzeko arrazoiak. Eskabide-orrian edo aurkezten diren agirietan datu faltsurik emanez gero, edo oposizioaldiko edo lehiaketaldiko probak baliogabetzen duen edozein jokaera bidegabe agertuz gero, izangaia zigortua izango da, kontraesaneko espedientea aurretik eginda, eta deialdi honetan parte hartzeko eskatu dituen prozesu guztietatik baztertua izango da.

    Eskabideetan adierazten den helbidea izango da jakinarazpenetarako balioa izango duen bakarra; eta izangaiak helbidea ematerakoan hutsen bat eginez gero, bera izango da erantzulea; halaber, egoitza aldatuz gero, izangaiarena berarena izango da Osakidetzari horren berri emateko ardura.


  • 5º - OPOSIZIOALDIKO HIZKUNTZA OFIZIALA.

    Izangaiek eskabide ereduan bete beharko dute oposizioaldiko probak zein hizkuntza ofizialetan egin nahi dituzten eta aukeratutakoa loteslea izango da. Atal hori ez bada betetzen, probak gaztelaniaz egin nahi direla ulertuko da.



Informazio legala

  • © 2008. Osakidetza - EPE 2008